XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alvarez Mendizabaleren legea, 1835.an emana, prozeso baten bukaera besterik ez zen.

Harrez gero erlijioso gehienek, eta lekaideek batez ere, beren bizimodua bilatu behar izan zuten.

Baina erlijioso edo lekaide izatea norberaren gauza denez asko eta asko saiatu ziren beren biziera ahal zuten eran eramaten.

Horrela Arabako Lautadako bi herri txikietan bildu omen ziren Kogoilako S. Milango erlijioso edo lekaide batzuk eta bertako apaiz bezala iraun zuten berrogei bat urtez.

Saiatu nahi nuke lekaide beneditar talde horren gorabeherak argitzen, eta gaurko saioa bukatzeko orain arte lortu dudana azalduko dut.

Azkeneko momentuan ez dut erreztasunik ukan herri horietako elizak ikusteko.

Handik argi gehiago espero nuen baina ezinezkoa izan da.

Hurrengorako utzi beharko dugu.

Arabako Bolibar herrixkan XVI. gizalditik San Milango lekaideak eliza baten arduradun ziren.

Lekaide hoiek herrixka hortara etortzeko arrazoia hauxe izan zen.

Norberak bere kapellau edukitzeko ohitura, asko zabaldu zen garai hartan haundizkien artean eta baita ere bere kaperatxoa.

Kaperatxo hortan santu baten edo bestearen kutunak jartzen saiatzen ziren orduko jauntxoak.

Hori zelata Espainiak eta Alemaniak Flandesekin bat egin zuten bitartean hemengo jendeak, haundizki eta militarrak batez ere, joan-etorri asko egiten zituzten handik honera eta hemendik hara.

Holako batean arabar haundizki batek Borgoñako S. Segismundoren kutunetaz, jabetu zen, eta Bolibar, bere jabetzako herrixkan jarri zituen.

Kutun santu haiek gurtza beti izan zezaten, apaiz edo klerigo bat bertan jarri nahi izan zuen, baina seguritate haundiagoaren bila ibiliz bere lur horietan lekaide bat jartzea asmatu zuen, lekaidetxe haundi baten menpean.

Horregatik S. Milango abatetxea ondo iruditu zitzaion, bertako abata nullius bait zen eta horrela Kalahorrako gotzaiak ez zuen zer ikusirik bere elizatxo horrekin.

Hori lortu zuen eta horrela iraun zuen esklaustrazio garaia arte.

Esklaustrazio garaian A. Domingo de Silos Gete zegoen Bolibarren lekaide-apaiz-kapellau bezala.

1841.ean A. Tomas Tobalina agertzen da bertan Cura servidor izenarekin.